Herri mugimenduen bilgunea dira Gasteizko Txosnak: aisialdi eta jai eredu alternatibo baten iturria, hamaika borroken plaza, indarrean dauden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzeko aukera, ikasteko aukera... Horiek dira Gasteizko Txosnak. Aukera bat, bai. Baina behar bat ere bai. Gasteizek behar duen iturria.
Iaz, 40 urte bete genituen urtean, herri mugimenduek sortu eta kudeatutako gune feminista, herrikoi, parte-hartzaile eta euskaldunak etenaldi bat egitea erabaki genuen. Baina horrek ez du esan nahi gure jarduna bertan behera utzi genuenik: beti egon gara lanean, azken 41 urte hauetan lanean egon garen bezala: astero bilerak, koordinazio planak, baimenak… Izan ere, iaz esaten genuen bezala, Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibook zein hiriko beste mugimendu, kolektibo eta eragileok kalean jarraitzen dugu. Ez gara inoiz bertatik joan. Kalean jarraitzen dugu kalea garelako eta kalean garelako ere. Kalean gara, kalea garelako. Egunez-egun, iñurri lana eginez gu guztiok gara kaleak eta plazak kolorez betetzen eta ureztatzen gabiltzanak.
Argi dugu. Gure lehentasuna, une honetan, krisi egoera honi modu kolektiboan aurre egitea da. Izan ere, guztion osasuna eta zaintza ezinbestekotzat ditugu. Kontziente gara: aurtengo Gasteizko Jaiek ere beste forma bat hartu beharko dute. Baina horrek ez du esan nahi besoak gurutzaturik ezer egin gabe geratuko garenik. Nola desagertuko gara kaleetatik gu geu kalea izanik? Gainera hemen bildu garenontzako irudikaezinak dira jaiak aldarrikapen eta eduki politikorik gabe. Jaiak musika, kontzertuak, irribarreak, tragoak eta zoriontasuna izateaz gain, jaiak ere aldarrikapenerako espazioa dira. Gasteizko jaiak egunerokotasunean presente ditugun gatazkak, nahiak, haserreak, zapalkuntza, ametsak… plazaratzeko gune bat dira ere. Hortaz, urtean zehar Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibook aurrera daramatzagun borroka guztiak ere presente egon dira orain arte eta presente egongo dira aurten. Harro eta ozen diogu azken 41 urteetan bezala Gasteizko jaietan aurten ere kaleak hartuko ditugula. Horregatik aurtengo abuztuaren 5ean Gasteizko herriari kaleak hartzeko deia egiten diogu.
Aurten gainera ,inoiz ez bezala, bi txosnisari banatuko ditugu. 2020 . urteko txosnisaria aurten emango dugu ere. Oso argi izan dugu 40.urteurrena betetzen genuen urteko txosnisaria gure ibilbide osoa bizi izan duen kolektibo batentzat izango zela, baina ez horregatik bereziki. Baliteke azken urteetan lehen frontean kalean aktiboen egon den kolektiboa izatea Pentsionisten mugimendua eta horregatik saria soberan irabazi dute. Bestetik ,2021. urteko Txosnisaria pandemiaren eta instituzioen arduragabekeriaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen jakin duten ostalaritzako lagunentzat izango da.
Borroka feminista ehuntzen jarraitzen dugu, euskal preso politikoen etxeratzea lau haizetara oihukatzen dugu, gazteok bizitzaren hautua egiten dugula aldarrikatzen jarraitzen dugu, munduko beste herrialde eta borrokekin distantzia txikitzen jarraitzen dugu, komunikatzeko modu alternatiboak daudela aldarrikatzen jarraitzen dugu, auzoak biziberritzen jarraitzen dugu… Finean beste bizi eta herri bat posible dela erakusten jarraitzen dugu.
Hala egin dugu eta hala egingo dugu. Ez ginelako inoiz joan. Ez garelako joan. Ez garelako joango.
Kalea gara eta kalean gara. Gora Gasteizko Txosnak!